XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Marxismoa hauentzat erantsitako zerbait da, eraskin bat.

Hauen marxismoa beste ideia ta sentipen batzuek kondizionatuta dago.

Serioski mintzatzen dira marxista bezala, baina beren benetako motibazioa, sustraia ta fundamentua beste zerbaitetan, euskal izaeraren ideia batean dago.

Bi sustrai horiekin, euskaltasuna ta marxismoa, bat egingo balute, ez legoke zer esanik; bainan ez da honela gertatzen.

Bata bestearen ondoan dago, bata bestearen gainean, baina biak ez dute batasuna osatzen, bakoitzak bere izate ta izaera berezia dute.

Egia esateko, ordea, eta nere ustean, bi errealidade horietatik lehendabizikoa euskaltasuna gelditzen da garaile, bigarrena bere menpekotzat harturik.

Ta honela iristen gera marxismoarekiko hirugarren postura batera.

Postura hau lehengoaren berdina dela esan daiteke, lehengoa bera, baina beste modu batera planteatua, beste modu batera esana.

Hauek sasi-marxistak dira.

Esan dugunez, euskal belaun gaztea bere radikaltasun eta rebeldi hortan laister iritxi zen euskaltzaletasunak aurrelari ta progresista izan behar zuelaren ondoriora.

Orduan ba dira bere buruari galdegin diotenak, zer aurrelariago marxismoa baino?.

Beraz, pentsatzen dute hauek, euskaltzale on eta zintzo bezala aurrelari ta progresista izan behar dugunez gero, marxistak izan gaitezen.

Hori baino aurrelariago ta ezkertiarrago izaterik ez bai dago.

Ta marxismoen artean ezkertiarrena onartzeko ta jarraitzeko joera dute hauek.

Joera hontako batzuk maoistak, txino-zaleak, egingo dira.

Baina ez uste benetako marxistak izatera iritxiko direnik inoiz, ez sobietikozale eta ez txino-zale.

Ta hori arrazoi sakon bategatik, marxismoa justifikazio bezala hartu nahi dutelako.

Hitzetik ortzera ibiliko dituzte Marx, Lenin eta Mao-ren esanak.

Ez gera horregatik harrituko beren asmoetara ta ideetara egokiegi datozten esanak aurkituko dituztela ikusterakoan.